Udal Gobernuak Emakumeen Berdintasunerako Kontseiluan parte hartzeko deia egiten die herritarrei

Donostiako udal gobernuak dei egiten die hiriko emakume guztiei Donostiako Emakumeen Berdintasunerako Kontseiluan parte hartzeko. Kontseilua heldu den azaroaren 9an bilduko lda ehen aldiz legealdi honetan, arratsaldeko seietan, Udalbatza Aretoan. Gai zerrendaren puntuetako bat kontseiluaren osaera berritzea da. Organo honen helburu nagusienetako bat da emakumeek parte hartzeko eta berdintasun politikak sustatzean esku hartzeko esparrua izatea. Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea eta Naiara Sampedro Berdintasun zinegotzia bilera horretan egongo dira eta, udal gobernu honek parte hartzea sustatzea lehentasun duen heinean, emakume guztiei gerturatzeko deia egiten diete.
Villa Soroa, Donostiako Emakumeen Etxea.
Emakumeen elkarteek ere parte hartu dezakete kontseiluan, eta, horretarako, egiaztatu behar dute berdintasuna sustatzeko jarduerak gauzatzen dituztela, emakumeen eskubideen ikuspegitik eta haien defentsan; bai eta elkarte mistoek ere, baldin eta beren helburu edo jarduera nagusiak zerikusi zuzena badu emakume eta gizonen benetako berdintasuna lortzeko lanarekin. Elkarteek Elkarteen Udal Erregistroan izena emanda egon behar dute, ezin dute irabazi xederik izan eta memoria batez egiaztatu beharko dute berdintasuna sustatzeko ekintzak gauzatzen dituztela. Elkarte mistoen kasuan, kontseiluan duten ordezkariak emakumezkoa izan behar du.
Gainontzeko elkarte edo erakundeetako emakumeen atalek ere parte hartu dezakete kontseiluan, baldin eta nortasun propioa badute, estatutuetan aitortua. Atal horiek ere egiaztatu beharko dute, jarduera memoria baten bitartez, emakumeen eskubideen alde egiten duten lana.
Era berean, hirian ordezkaritza duten sindikatuetako emakumeen atal nahiz idazkaritzek ere esku hartu dezakete, baldin eta berdintasun arloko ekintzak eta programak gauzatzen badituzte eta jarduera memoria baten bidez egiaztatzen badituzte.
Hala, bada, kontseilua irekita dago hirian berdintasunaren alde lan egiten duten pertsona fisiko nahiz juridiko guztientzat.